2014/12/09

"Ahoskera" izeneko lana eman du argitara Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

Badira hamar urte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, EIMA (Euskal Ikasmaterialgintza) programaren ildotik, estilo-liburu baten proiektuari heldu ziola. Orain, Andres Alberdiren Ahoskeraargitaratu da, bilduma honetako bederatzigarrena.

Joxe Ramon Zubimendiren Ortotipografia izan zen estilo-liburu horren lehen liburukia, 2004an argitaratua. Ondoren, 2005ean, Juan Garziaren Kalko okerrak eta Elhuyar Fundazioko koordinatzaileekin talde-lanean eginiko Onomastika liburukiak kaleratu ziren. Alfontso Mujikaren Letra larriak erabiltzeko irizpideak, 2008an,eta Andres AlberdirenEstandarizatu gabeko solasak nola eman ikasliburuetan, 2009an, etorri ziren geroago. 2011n, Jose Ramon Etxebarriaren Zientzia eta Teknikarako Euskara Arautzeko Gomendioak eta Patxi Petrirenaren Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak argitaratu zituen Sailak. Aurtengo ekainean,Juan Garziaren Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak izeneko lana, estilo-liburuaren zortzigarren liburukia argitaratu zen.
Orain, Andres Alberdiren Ahoskera argitaratu da, bilduma honetako bederatzigarrena.

Nahi duen orok Sailaren webgunean ditu lanok eskuragai. Halaber, Euskal Ikasmaterialen Katalogoan (EIMA katalogoa) ere eskuratu ahal izango dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina